XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ardanza: Ez nuen horrelako harrera on eta atseginik espero Mexicon

EAEko lehendakaria ordubetez elkarrizketatu zen Salinas de Gortari presidentearekin

Jose Antonio Ardanza, EAEko lehendakariak Mexicon izandako harrera guztiz ona eta atsegina eskertu zuen atzo Carlos Salinas de Gortari Mexicoko presidentearekin elkarrizketatu ondoren.

Alberto Aza, Espainiako enbaxadoreak lagunduta iritsi zen Ardanza Los Pinos egoitzara.

Mexicora heldu zenetik, arlo desberdinetan izandako harremanetan eman dioten harrera izan zen Jose Antonio Ardanza lehendakariak azpimarratu zuena, Carlos Salinas de Gortari Mexicoko presidentearekin ordubetez solasean aritu ondoren.

Ardanzak berak eta berarekin Mexicora joan den enpresarien taldeak egun hauetan jaso duten harrera guztiz ona eta atsegina izan dela adierazi zuen EAEko lehendakariak.

Komunikabideekin ikusmina eta agintari politikoen entzuteko gogora eskertu ditu Ardanzak Mexicon.

Ihardunaldi ekonomikoen irekitze ekitaldian zein Salinas de Gortarirekin izandako elkarrizketan horrela adierazi zuen: Oso pozik gaude, ez genuen espero horrelako harrera herri honetan, adierazi zuen Ardanzak ia hirurogei kazetari mexicarren aurrean.

Salinas de Gortarik Euskal Herrian turista bezala izana zela jakin erazi zion Ardanzari.

Ardanzak Espainiako enbaxadorearen aurrean Euskal Autonomi Elkarteari buruz hitzegin zion Salinas de Gortariri, harreman ekonomikoak ezarri eta estutu beharraz.

IHARDUNALDIAK MEXICOKO BURTSAN.

EAEko lehendakariaren atzoko agenda bete beteta zegoen.

Carlos Salinas de Gortari Mexicoko lehendakariarekin bildu aurretik, nazioen gainetiko merkatuen osaketaren ondorio ekonomikoei buruzko ihardunaldien irekitze ekitaldian hartu zuen parte asteazkenean.

Eusko Jaurlaritzak eta Mexicoko merkataritza eta Industria Idazkaritzak (Ministeritzak) antolatu dituzte ihardunaldi ekonomiko hauek, Mexicoko Burtsa, Canacintra, Gemai, Camecite eta Espainiako Merkataritza Bulegoaren laguntzaz, eta bertan EAEko enpresari eta enpresaren munduko goi ordezkariek hartuko dute parte.

Jaime Serra Puche Mexicoko Merkataritza eta Industria idazkari edo ministroaren hasierako hitzen ondotik, Jose Antonio Ardanzak hitza hartu zuen eta Mexico zein Euskal Autonomi Elkarteak merkatu hedakuntzara begira egin duten apostuak konparatu zituen.

Zein da aurrean dauzkagun desafioa eta aukera?

Euskadirentzat 380 milioi kontsumitzailek osatutako merkatua eta 4,3 bilioi dolarreko Barne Produktu Gordina da eta Mexicorentzat 356 milioi biztanleko merkatua eta 6 milioi dolareko BPG, esan zuen Ardanzak bi lurraldeko mundu enpresarialeko ordezkarien aurrean.

Ihardunaldien egoitzan bertan, Mexicoko Burtsan, Jose Antonio Ardanza eta Jaime Serra Puche Merkataritza eta Industria ministroa elkartu ziren hasierako hitzaldien amaieran, eta Salinas de Gortari presidentearengan abiatu aurretik.

Elkarrizketa honi bezperan, Fernando Solana Morales Kanpo Arazoetarako idazkari edo ministroarekin izandakoa gehitu behar zaio.

Ardanza eta Solanaren arteko elkarrizketaren ondoren, euskal enpresariekin solasean aritu ziren bi agintariek.

Etor zaitezte hona, beso zabalak edukiko ditugu, nahiz eta Estatu Batuekin eta Canadarekin konpromezu batzuk izan, kontatu zien Ardanzak.